Imanol Urbieta agurtu eta zoriontzeko lerro batzuk idaztea oso gauza erraza da niretzat. Izan ere, 1961eko abenduan hasi eta aurrera, Imanol, Manolo, Imanolo musiko eta artista handia goraltzeko aukera asko izan baitut nire bizitzan zehar, zurikeria eta loxintxetan ibili gabe. Oso gogoan ditut nik Ez dok amairu taldeko lehen bilera eta jaialdiak, Imanol orkestra zuzendari zela; edota Zarauzko Oleskariak zortzikoa eta koralaren saioak eta sariak, Naya dantza leku hartan egiten genituen pekatu koskorrak, 60ko hamarkadatik aurrera Zarautzen bizi izan genuen giro euskalduna… Eta, nola ez ba? Gogoan dut ere Loiolako Herri irratian astero egiten zenuten irratsaioa, Xixupika sormen-lana, Afrikatik itzuli eta ideia berriz blai etorri hintzenean egin nian elkarrizketa luze eta mamitsua.
Elkarrengandik hurbil eta urrun bizi gaituk Zarautzen, baina pentsatu gero, Imanol, hiri diagun miresmena eta maitasuna ez direla neguko lehen izotzaldi batek berehala ximel ditzakeen basaloreak.
Har ezak nire besarkada eta zorion agurra.

No hay comentarios:
Publicar un comentario