1978ko uda. Zarauzko "Txerri kale"-ko musika eskolako gela urdina. Argazkian agertzen den koadrila, 18 neska eta 2 mutil ginen, Manolorekin eta Kontxirekin grabazio batzuk egiten aritu ginen. Guretzako lehen esperientzia zen mundu horretan. Kantatzen, txirula jotzen eta perkusio-tresnak erabiltzen ohituta geunden, baina ez grabatzen. Gogoan dudana oso pozik eta gustura joaten ginela bertara. Zarauztarrak izanik, eta hondartza atsegin, uda hartan apenas joan ginen bertara. Nahiago genuen grabatzera joan. Gela hark ez zuen grabazio estudio baten itxurarik, ez espazioaren antolaketari dagokionez, ez insonorizazioari dagokionez, ez eta tresneriari dagokionez ere. Egia esan orduan ez genuen benetako estudiorik ezagutu ere egiten. Espazio berean zeuden pianoa, organoak, gitarrak, txistu eta txirulak, xilofono eta metalofonoak, perkusio tresna guztiak, grabatzeko lau`pistako aparato bat... Dena zegoen gela berean. Grabaketak egiteko, berriz, dena segidan grabatzen genuen: ipuinak hasi eta buka tirada batean, kantuak berdin eta ahotzekin batera pianoa, gitarra edo organoa eta hori gutxi ez balitz perkusiozko tresnak. Bi mikrofono eskas zeuden eta tresnaren bat fuerteegi entzuten zela, ba... atzerago jarri eta kitto, edo mikrofonoari atzea emanez jo. Edo behin Xabier Zabalarekin (gaur musikari bikaina)gertatu zena: atabala jo behar zuen eta bolumena ezin kontrolaturik zebilen Kontxi eta hamaika froga egin ondoren, Manolok armairu barruan sartzeko eskatu zion hain esanekoa eta leiala zen Xabierri, eta bertatik jotzeko atabala mesedez. Ondo gogoan du Xabierrek pasadizo hura, baita Manolok eta han ginen beste guztiok ere.Bai, horrela pasa genuen uda hura eta emaitza lau kaset izan ziren, Xirula Mirula izeneko liburuari zegozkion ordubeteko lau kaset. Hurrengo batean kontatuko dut zergatik eta zertarako egin zen musika-liburu hura.
Bikaina esperientzia orduan bizi izan genuena! Eta duela gutxi talde hartako hainbat kide elkartu gara beste grabazio bat egiteko. Oraingoan estudio profesional batean, Garate estudioan. Han grabatu ditugu "Manolo" eta "Manolorekin kantari" Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin, Zazpikoloroa diskorako.
You tuben ikusi dut bideoa eta txertatuta dago nire blogean (aniztasunaeuskaraz).
ResponderEliminarEderra abestia benetan!
Lau gauzakaz egingo zenuten Xirula Mirula baina gu oraindik etekina ateratzen gabiltza lan horreri. Mila esker! Paaa