15 ene 2012

MANOLO

Lehengo batean esan nuen hona ekarriko nuela Andoni Egañak Manolori egindako kantuaren letra eta, "Zazpikoloroan", omenaldi gisara grabatu dutena. Seguruenik aurretik blog honetan sartuta dagoen bideoa ikusi duzue, baina hala ere, bertsoa hemen jartzeko modukoa dela uste dut.

Gizon bat hurbildu zen gitarraz, kastolan geundela.
Ikasgela mundu egin zigun, mundua ikasgela.
Begiak goxo jartzen zituen gure aurpegietan
arpegioak ipuinak ziren gure haur begietan


Zenbat kantu atsegin barren-barreneko poz eta min.
Hura kanpora zedin, ginenak ginen gitarra batekin.
Sorgingu egin ginduen eta pixkana gu ere bihurtu sorgin,
Manolorekin.


Ikastola sarreran maiz kantu bat zain geneukan arreran,
korroan, ez ileran, gure kabuz han hasi ginen hegan.
Habia eta abiapuntua baina han daude itzuleran,
Manolorengan.

Zenbat abesti egin duizkigun maitasunez ta ezti.
Orain itzuli nahi genioke maitasuna abesti.

Esaldi batzuk azpimarratu nahi nituen. Izan ere, orduan nioen bezala, bertso hauetan Imanol Urbietaren pedagogia guztia ikusten dut islatuta. Baina ezin dut esaldirik aukeratu. Dena da azpimarragarria nire ustez.
Ikasgela mundu egin zigun, mundua ikasgela: Haurraren interesari guztizko garrantzia eman eta kanpokoa garrantzitsua egin haurrarentzat.
Begiak goxo jartzen zituen gure aurpegietan: Irakasleren begiradak duen garrantzia haurrengan. Zenbat esaten dugun gure begiradarekin, onerako eta txarrerako.
Barren-barreneko poz eta min, hura kanpora zedin... : Ikasleen barren-barreneko sentimentu eta emozioei hitza jartzen jakitea eta hitz horiekin haurra identifikatuta sentitzea. "Honek ulertzen du niri gertatzen zaidana".
Sorgindu egin ginduen eta gu ere bihurtu sorgin: Benetako komunikazioaren indarra.
Ikastola sarreran, korroan, ez ileran: Korroak elkar ikusteko aukera ematen digu. Gutako bakoitza nola dagoen jakiteko aukera eskaintzen du korroak, gardentasuna. Komunikatzen hasteko beharrezkoa. Elkar ikusi, begiak parez pare.
Orain itzuli nahi genioke maitasuna abesti: Esker onekoak agertzen bagara gure ikasleen aurrean, ez izan zalantzarik, halkoak izango dira beraiek ere.

Hauexek gaurko nire hausnarketatxoak.


Zuk ere, irakurle, zerbait esan nahi baduzu, baduzu aukera komentario bat hemen behean idazteko edo blogaren eskuinaldean agertzen den helbide elektronikora idazteko. Nik txertatuko dut blogean.





No hay comentarios:

Publicar un comentario