24 mar 2011

ZER OTE DU MUSIKAK!

Aste honetan mutil gazte bat hil da Donostian. 20 urte zituen. Txikitan XIRULA MIRULAko ikasle izan zen. Gogoan ditut haren gurasoak, anaia eta arreba, ez ordea zenbat urte zituen gure musika eskolara etortzeari utzi zionean. Baina badakit zergatik utzi zuen: kirola ere egiten zuen eta musikarekin bateraezina egin zitzaionean utzi zion gugana etortzeari.
Arantza, gure lankide ohia, tanatorioara joan zen familiari doluminak ematera eta mutikoaren aitak, hainbeste urte pasa ondoren, bat-batean ezagutu zuen eta, besarkatzen zuen bitartean, hau esan zion: "hara hemen gure umeen bizitza musikaz alaitu zuena".

Ez dakit baina hunkituta gelditu nintzen Arantzak kontatu zidanean.
Musu handi bat eta esker mila horrelako momentu latzean zuen semeari emandakoaz gogoratzeagatik. Baina ez ahaztu guk ere beragandik, zuengandik, jaso genuena: ezagutzeko aukera.

Asko eta asko izan dira Imanol Urbietak sortutako musika eskolatik pasa diren neska-mutilak eta badakit asko eta asko direla bertan igarotako urteetaz oroitzapen onak dituztenak, baita gurasoak ere. Eta beti da pozgarria eta hunkigarria guraso haitekoren batekin topo egiten dudanean, edo ikasle ohi batekin edo bestearekin, garai haietako oraitzapenak nola berritzen dituzten ikustea. Badakigu gure musika eskola utzi ondoren asko izan direla musikaren munduan jarraitu zutenak, eta jarraitu ez zuten asko izan dira, gerora, beren umeak musika eskolara ekarri dituztenak.

Musikak alaitu egiten du, tristetu, haserretu, oroitzapen goxoak ekartzen dizkigu, baita tristeak ere, alditan amorrua biziarazten digu, batzuetan mugimendua sortzen digu, beste batzuetan atseden hartzera gonbidatzen gaitu. Edozein dela ere, beti emozioren bat pizten du musikak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario