14 dic 2013

MANOLO ETA MUSIKA ESKOLAKO KONTUAK


Nire haurtzaroa Musika-eskolarekin lotuta dago. Ikastolatik irten, bokadilloa hartu eta musika-eskolara joaten ginen arratsalde-pasa. Bokadilloa jaten ari ginen bitartean txirula jotzen genuen, Biri Birirekin jolasten genuen, tailer edo biltegi handi hartako egur zati luuuuze artean tximilikuarteka jolasten genuen, dantza egiten ere ikasi genuen, txistua jotzen, eskusoinua… Dena eskura zegoen musika-eskolan: lagunak, jolasa, musika… Halako batean zortziak zirela konturatu eta etxera ere joan behar genuen nonbait eta.. nik ez dakit nola manejatzen zituen Manolok hainbeste ume bulloso. Argi dago laguntzaileak ere bazituela eta Kontxi horietako bat izan da.

Nik Kontxi grabazioetan ezagutu nuen. Xirula Mirula taldekoak ginen. Grabazioak egiten ere nola hasi ginen ez dut gogoan. Arbelean abestiak idatzita ikusten genituen, pentagramak eta notekin batera, Manolok kantatu egiten zizkigun eta guk entzunaren poderioz ikasi egiten genituen, solfeo irakurtzen ere ez genekielako. Ipuin-kontaketak ere egiten genituen. Irratsaio bat ematen zuten larunbat arratsaldetan, oraindik gogoan dut, “xirula mirula kantari txin txin txiribitxin” abestiarekin ematen zioten hasiera. Han entzuten ziren guk Txerrikaleko musika eskolan grabatutako ipuinak. Bat dut gogoan bereziki: Kokles txakurrarena. Kokles txakur gizarajoa, jabeak errekara bota zuen ezin zuelako mantendu. Gau haizetsu eta euritsua zen eta haizete batek txapela ere burutik kendu zion txakurrarekin batera errekara eroriz. Gau hartan bertan, etxeko atarian hotsak entzun zituen jabeak eta goizean hantxe ikusi zuen atarian, Kokles txakurra, busti-busti eginda, bere txapela ahoan zekarrela. Hantxe, etxeko atarian hilda zegoen Kokles. Nik uste dut ipuin harekin negar egin nuela.

Badut beste anekdota bat ipuinen inguruan. Nik Manolorekin ezagutu nituen Euskal Herriko mitologia eta hainbat istorio, lamiak, Txerren, sorginak… Ipuin batean Galtzagorri gurtzen azaltzen ziren sorgin eta azti batzuk eta haietako bat Sarasua zen. Guztiok batera oihukatu behar genuen “Galtzagorri, Galtzagorri, gure jaun eta errege”, baina Sarasua erremerrea zen eta hantxe ikusten nauzue ni belarria adi jarrita Sarasuaren erreak entzuten. Lan roverra abestia gerora asmatuko zuen Manolok erremerrea zuen beste haur batengatik.

Nik ez dakit zenbat orduz egiten genituen grabazio haiek. Baina zenbat aldiz joan ote ginen bazkalondoren musika-eskolara, ipuinen bat grabatu eta korrika, berandutu baino lehen, berriz ere ikastolara, Txerrikaletik San Pelaiora, atajoa deitzen genion bidexkatik.

Gogoan dut baita ere grabazioetan erabiltzen genuen aparatu tzar hura. Bi pletina handi eta zinta, batetik bestera nola pasatzen zen. Gelditzerakoan KLAN egiten zuen eta martxan jartzeko eta hots ikaragarria egiten zuen. Bueno igual esajeratua da baina nik hori gogoratzen dut. Mikrofonoaren aurrean jarri, grabagailu handi hari begiratu martxan noiz hazten zen ikusi eta entzuteko, eta Manolok edo Kontxik eskuz “hasi” esaten zigutenean heltzen genion kontaketari edo kantatzeari.

Nahiko meritu bazuen Manolok. Ze musika-eskolarekin nahikoa ez eta haur guztiak hartuta hantxe eramaten gintuen Bartzelonara, edo Pirinioetara kanpinean... joan egin behar da haur mukizu talde handi bat hartu eta Pirinioetara, mendian, akanpada librean lo egitera... Gu zoriontsu, sua piztu eta suaren inguruan kantari, pelikuletan bezala.

 Goiatzera ere joaten ginen, nola ez. Gogoan dut uda batean 15 egunez joan ginela grabazio-taldea Goiatzera lan bat egitera. Goiz eta arratsaldez kantatzen eta ipuin kontatzen egon ginen, Goiatzeko jangela handi hartan moldatutako grabazio-gela kurioso hartan. Eta gero ez dakit zer gertatu zen baina han egindako lan guztia errepikatu egin behar izan genuen bueltan, ez dakit ze arazogatik baina han egindakoak ez zuen balio izan. Pentsatzen dut ze amorrazio sentituko zuten Manolok eta Kontxik, 15 egun ume talde batekin Mikelandegik “kontzentratuta” egon ondoren lan guztia errepikatu behar zutela jakin zutenean.

Badirudi lan asko egiten genuela, baina nire oroimenean jolasa, kantua eta une goxoak gelditu dira. Bera agian ez da nirekin gogoratuko, ume asko ezagutu eta hezi eta ikusi baititu, asko, baina nik anekdota eta istorio asko ditut nire memorian gordeta, goxo-goxo eta ez zaizkit berehala ahaztuko. Mila esker Manolo.

                                                                                                            Amaia Mendoza

No hay comentarios:

Publicar un comentario